Diario de Golondrina

Abuztua 27, 2008 | Egilea: konatxe

pn686.jpgNathalie Nothomb. Diario de Golondrina. Anagrama.

Kontalari abila da Nothomb, perbertsioa azalean darabilen horietakoa. Ez du esaten, baina esan gabe doa gaiztakeria haren hitz eta lerro bakoitzean. Dena den, nobelaxka hau, arinkeria da, ongi idatzitakoa eta erraz irakurtzekoa izan arren. Hiltzaile ero zentzumengabeko bat asmatu du Nothombek protagonistaren lanerako, eta gero ekin egin dio haren zoramenaren bideari, ongi harildutako artifizio batean.  Ez besterik. Eros eta Thanatos aipatzen dituzte kritikariek liburuaren kontrazalean, baina jakinekoa da kritikariek ere bizi behar dutela nonbaitetik, eta hitzak behar dituztela haien gainean eurak ere jalgitzeko. Obra txiki eta ezdeusa, liburu hau, baina gustagarria ere bai. Ene irudikotz.

La magnitud de la tragedia

Abuztua 21, 2008 | Egilea: konatxe

cm442.jpgQuim Monzó. La magnitud de la tragedia. Anagrama-compactos.

Quim maite maitea, hurrengo batean esango dizut, zabalago eta aurrez-aurre, zergatik ez zaidan beste batzuk adina gustatu zure liburu hau. Aurreratzen dizut, azken aldian gure artean erakutsi zenuen erokeriaren errekreazio bat iruditu zaidala. Erran nahi dut, zer idatzirik asmatu ezinda zenbiltzan egun batean pentsatu zenuela zure eleberri honetako sujeta: gizon bat jarriko dut, zakila beti zut, eta ea zer gertatzen den. Eta hala, hain zeurea duzun teknika paranaiko horri segika, eraiki duzu dena. Abileziarik ez zaizu falta, trebea zara egoera posible guztien deskribaketa zehatzak egiten, eskua maisu handiena duzu eta hizkuntza txikle bat da zuretzat, edo starlux bat, komeni ahalakoa. Ziztu bizian irakurri dut, bi egunetan, une askotan atsegin handiak hartu ditut, baina zure tranpak ezagutzeak ez dio mesederik egin zure irakurle honi. Askoz hobea egin zitzaidan zure azkena, Mil cretinos. Badakizu, halaber, neure liburu maiteenetakoa dudala zure 86 cuentos hura…, hurrengoa noiz argitaratuko zain zain naukazula ere bai, baina balantzea eginda, hauxe iruditzen zait irakurri dizkizudanetatik makalena. I’m sorry.

La sociedad de la decepción

Abuztua 21, 2008 | Egilea: konatxe

a381.jpgGilles Lipovetsky. La sociedad de la decepción. Anagrama-Argumentos. (Bertrand Richardek eginiko elkarrizketa liburua).

Arras interesgarria da Lipovetskyren pentsamendua gaurko gizartea ulertzeko. Ez naiz pentsamendu liburuen irakurle ohikoa, eta ez dakit izanen diren hobeak. Lehendik ere Los tiempos hipermodernos irakurritakoa naiz (egile berarena eta argitaletxe berean), eta, arraioa, gizarte posmodernotik hipermodernorako pausoa ulertu nuela uste dut. Honako honetan, elkarrizketa ordenatu batean kontatzen ditu Lipovetskyk bereak. Finean, hiperkontsumoak, dezepziora garamatzala beti, ez dagoela irtenbide handiegirik baldin eta ez bada ereduaren zirrikitu eta askatasun guneak profitatuz aurrera egitea, aldi berean baitakartza gaurkoak biak ala biak: ezina eta ahala. Halako zerbait ulertu diot, motz-motz esanda.

Acción de Gracias

Abuztua 18, 2008 | Egilea: konatxe

pn700.jpgRichard Ford. Acción de Gracias. Anagrama.

Mekauen zotz, Ekainetik liburu hau irakurtzen eta apenas beste ezer, Lipovetsky filosofo frantziarraren elkarrizketa liburu bat izan ezean. 736 orrialde, bai, 736! Nik ez nuen Richard Ford ezagutzen. Ez neukan haren albisterik, Babelian  edo ez dakit non irakurritako zerbait izan ezean. Eta hala, liburuak doan iristen zaizkidalako, hartu nuen irakurtzeko deliberoa. JB lagunak esan zidan: “neu ere berarekin ari nauk, asko interesatzen zaidak haren idazmodua”. Eta poztu nintzen. Baina egun batzuk beranduago GA lagunak esan zidan: “Ford ez zaidak fitxik gustatzen”. Beraz, galdu-galdurik hasi nintzen irakurtzen, pentsatuz nolabaiteko Faulkner garaikide bat aurkituko nuela. Bai zera. Milioi bat aldiz egon naiz liburua bertan behera uztekotan, ez bainion aurkitzen gatz eta piper handirik. Protagonista, Frank Bascombe izeneko 55 urteko gizona, etxe saltzailea da Ameriketan, eta haren gogoeta existentzialak eta gertaerak ditu kontu nagusi. Ene gusturako, erreferentzia amerikar gehiegi, kale eta bide gehiegi, etxeen espekulazioaren gaia gehiegi, dibortzioak eta familia egoeren azterteketak gehiegi… Eta gehiegi diodanean, luzeegi esan nahi dut, irakurlea kokoteraino jartzeko moduraino. Baina, arraioa, andreak behin eta berriz esan dit denbora honetan guztian: “ez bazabiltza gustura, utzi behingoz liburu hori”, amorruz bezala jartzen bainintzen irakurtzen egunero, (5-15 orrialde baino gehiago ezin, lo hartu gabe). Kontua da bart amaitu nuela eta askapen moduko bat sentitu dudala hura albo batera lagatzean. Uste dut, Bolañoren lan bat kenduta, sekula ez diodala hainbeste denbora eskaini liburu bati. Ez da hainbesterako, baina. Lerro horietan ez baitago Faulknerrik, baina ez naiz damu, hala ere. Ford-en liburuak badu zerbait ni bezalako mozoloentzat amu dena: bizitza garaikidearen deskribapen eta azterketa sekulakoa. En fin, ez dizuedala gomendatzen, baina nik berriro irakurriko nukeela.

Socorro, perdón

Uztaila 7, 2008 | Egilea: konatxe

pn699.jpgFrédéric Beigbeder. Socorro, perdón. Anagrama.

13′99 euros idatzi zuenean, ahots berri batek esan zigun publizitatearen mundua erabat dela lotsamangarria, eta ankerra. Gure bizitzak gidatzen dituen goseak pizten direla, interes zehatzen arabera. Atseginez irakurri genion liburu hura Beigbeder-i, garaiak bikain harrapatzen zituelakoan, garai posmoderno eta dena baleko haiek (eta hauek). Gainera, lantokitik bota zuten liburu hura idazteagatik, heroismo apur bat gehituz haren motxilan. Ondoren pailazoarena egiten ikusi genuen Frantziako telebistetan, eta, kra, apurtzen hasi zitzaigun beraganako lilura. Eta halako batean Windows of te World argitaratu zuen New Yorkeko dorre bizkien inguruan eta ekin genion hari ere. Baina ezin. Eskuetan behera joan zitzaigun liburua.

Orain Socorro, perdón iritsi zaigu, esango nuke, lehen liburu hartako ahots eta protagonista berarekin: Octave Parango. Oraingo honetan Mosku aldean dabil, eliteko kosmetikogintzaren ikur izateko, emakumerik ederrenaren bila. Eta halako gauzetarako emakume ederrenak, jakina, nerabeak dira, batez ere.  Beigbederrek ondo ezagutzen duen mundua dirudi modeloenak, eta esango nuke, gaurko Errusia eta garai bateko literatura errusiarra ere, bikain ezagutzen dituela (Pushkin, Pasternak, Gorky, Dostoiesvki…). Kontua da, magnate eta droga arteko ibilera lazgarrietan, emakumerik ederrenaren bila dabilela bera, jotzen duelarik larrua bata eta bestearekin, denak gazteak, ia umeak. Halako batean, ordea, Lena izeneko neskatxa batengana bideratuko du abade batek, eta harekin maiteminduko da ezin gehiago. Nobela trepidantea, makabro xamarra askotan, baina amaierako sorpresa eta guzti dakarrena, nahiz eta erdi aldera hartu ahal zaion datorrenaren tankera. Beigbederrek ederki daki erritmoari eusten, hizkuntza joria erabiltzen, kultur erreferentziaz hornitzen, erlijioa eta gizarte garaikidearen inguruko gogoetez parrafoak betetzen, Errusiako egoera soziopolitikoa deskribatzen, errealitatea eta asmatua parekatzen… Batere esperantzarik gabe hasitako irakurketan, azkeneraino joan gara, ia liburua utzi ezinik. Baina, esango nuke, mendebaldeko gizonezko garaikidea bere bakardade etorkizunik gabekoan erretratatzeko orduan, lan askoz hobea dela Michel Houellebecq-en Plataforma izeneko eleberri gogoangarria. Haren usaina hartu diot honi edo, bederen, huraxe ekarri dit gogora. Nolabait.

Camino de los Ángeles

Uztaila 5, 2008 | Egilea: konatxe

cm470.jpgJohn Fante. Camino de los Ángeles. Compactos-Anagrama.

Itxura denez, atzetik aurrera irakurri dizkiogu nobelak John Fanteri. Gaurko hau idatzi zuen lehena da, eta garaian ez zion inork argitaratu nahi izan. Antza, alargunak aurkitu zuen paper zaharren artean eta 83an argitaratu zuten estraineko. Hemen agertzen da Arturo Bandini izeneko morroia, geroagoko beste nobela batzuetan ere aurkitu duguna bera. Nobela ohiko estilo errazean dago idatzia, baina, esango nuke argazki “muturrekoegia” egiten duela Fantek bere pertsonaia gorrotagarriarekin. Egiazki da nazkagarria Bandini hori, batere eskrupulurik eta errukirik gabea,  ez eta bere buruarentzako ere. Benetan egin zait jasangaitza halako mamorroa. Ez dut oroitzen hainbesteko kasurik irakurri ditudan nobela guztien artean, halako higuina eman didanik beste inork. A ze miseria morala, a ze bakardade antzua, a ze eromen alferrikakoa. Gizarte amerikarra salatzen du Fantek, bai, familia, erlijioa eta sistema ekonomikoa, batez ere, baina, arraioa, idazle izan nahi duen Arturo Bandini, harroputz ezdeus eta jasangaitz horri, Filosofia liburu potoloetako hitz are potoloagoak erabiliz idazten duen mozolo egundoko horri, neuk zapaldu nahi nioke burua hankapean, erreteneko sugegorriari bezala, baldin eta bidean agertuko balitzait.

Llenos de vida. John Fante

Ekaina 29, 2008 | Egilea: konatxe

pn703.jpgJohn Fante. Llenos de vida. Anagrama.

Hiruzpalu liburu irakurri dizkiogu John Fante-ri, geu ere bizitza guztian arrakastarik ezagutu ez zuen idazlea berpizteko modan sartuta. Liburu bakoitzarekin harritu gaitu Fantek. Honekin ere bai. Gozamena da gizon honen begirada zorrotza eta ironikoa. Bere buruarekin, lehenbizi. (Hurrengo batean hitz egingo dugu luzeago liburu honetaz, baldin eta gaur baino zuzpertuagoak bagaude. Amen.)

(Badaezpada, gainera, haren beste bati heldu diogu gaurtxe: CAMINO A LOS ÁNGELES, idatzi zuen lehen eleberria. Ikusiko).

Mark Twain-en Autobiografia

Ekaina 29, 2008 | Egilea: konatxe

 muestraportada.gifMark Twain. Autobiografía. Espasa Órbitas.

Miguel Sánchez-Ostizen  liburu baten kritika  irakurtzen ari nintzen ABCD gehigarrian, eta hara non, zeharka bezala, esaten zuen Miguelek, Mark Twain-en AUTOBIOGRAFIA dela berarentzat, bizi-poza hobekien transmititzen duen liburuetako bat. Miguel ezaguturik, kasu egin nion. Halaxe eskatu nuen liburudendan, eta denbora eman dit liburua amaitzeak, liburukotea baita izan. Baina zinez diot atsegina ere berebizikoa izan dela. Harrigarria da Twain jaunak erakusten duen umorea eta zirirako gaitasuna. Batez ere beste idazle batzuei buruz ari denean, ozpina baino, sosa kaustikoa erabiltzen du beste inori ikusi izan ez diodan bezala. Gizarte amerikar puritanoa ere ederki astintzen du, bera puritano osti bat izan arren, gure gaurko begietarako… Berak sortutako pertsonaiak ezagutzea egokitu zaio gure belaunaldiari (filmak, komikiak, bestelakoak…), baina ez nion gaurdaino libururik irakurri. Eta poztu naiz. Bai jauna.

Neke eta atsegin artean

Ekaina 24, 2008 | Egilea: konatxe

urbasa316.jpg

Zuetako batzuk, aspalditik alua mundua honetako irakurle zaretenok, kexu agertzen zatzaizkidate (bai, zatzaizkidate idatzi dut, zergatik ez hortxe badaukagu aukeran aditz zehatz hori?) sarrera gutxiago egiten dudalako blogean orain beste garai batean baino. Egia da, eta aitortu dudala uste dut, hemen eta hemen, horren kausa eta damua. Baina arrazoiak ere baditut horretarako, azken bolada honetan (eta urtebetera doa!), sekula baino lan gehiago egiten ari bainaiz telebistarako. Honez gero konturatuko zineten SAUTRELA bihotzekoaz gain, baditudala beste zeregin batzuk ere, JATEAREN EGIAK, kasu.

Kontua da, ordea, zuek hori guztia pentsatzen duzuen bitartean, jada beste lan batzuetan dihardugula. Izango da adinagatik edo nik ez dakit zergatik, halaxe egokitu zaigu, eta ari gara bost dokumental ordubeteko egiten gure sukalde maisu izardunenekin: Arzak, Subijana, Berasategi, Luis Aduris eta Arbelaitz. Interesa baduzue eta gaztelaniaz irakurtzen badakizue, emana dugu honen berri ere.

Esandakoaz gain, beste lan batean ere bagabiltza musutruk, David de Jorge lagun maiteari laguntzen haren estraineko telebistaraketan. Gaztelaniaz hau ere.

Konturatuta gaude gezurra zela geure buruaz beti uste izan duguna, ez garela hain alferrak, alegia. Eta atsegina ematen digu gogoko lekuan aldaparik ez aurkitzeak, malda handi askoak aurkitu arren bidean. Izango da masokismoa edo izango da beste perbertsioren bat, baina gustura gabiltza. Damu bakarra, leihatila honetara nahi bezain sarri ez etortzea eta, batez ere, behar besteko patxadarekin ezin ailegatua. Barkatu beharko duzue. Beste behin ere.

(Irudian Karolina eta biok ageri gara, Urbasako errodai batean, duela egun batzuk, Sara Santosen argazkian)

Kritika ez da gaurko kontua

Ekaina 22, 2008 | Egilea: konatxe

 mark_twain.jpg

Zutabegintza soziopolitikoan ibili den edonork ezagutu ditu noizbait bere gintzaren ondorio zuzenak: haserretu zaizkion politikariak, diosalaren erretiroak, mendekutxoak… Izan ere zutabegintzak badu gauza bat lege nagusi bezala betetzen dena: beti ematen du geziak dianan. Esan nahi da, aipatzen baduzu norbaiten izena edo kargua, goiz edo berant, zure zutabearen subjektuari iritsiko zaiola idatzi duzun horren karga.

Hori dela eta, askotan zutabegilea heroi txiki bat sentitzen da bere bakardadean, izan ere, inor izan gabetan ere, etorri egingo zaizkio Diputatu Nagusiak, edo alderdietako buruak, edo auskalo zein, kontuak eskatzera. Niri, behintzat, gertatu izan zaizkit halakoak. Zutabegintzaren ajeak dira, askotan, gehiegitan, autozentsurara bultzatzen dutenak.

Hala ere oilo kaka baizik ez gara beste garai bateko kritika soziopolitikoarekin alderatuta. Mark Twainen autobiografia zoragarria ari naiz irakurtzen oraintxe, eta bart aurkitu nuen adibide bat. Ez dezagun ahantzi, Mark Twain Europan barrena ibiltzen zela askotan, eta tartean, Belgikan ere ibiliko zen. Baina, hala ere, hara zer dioen:

“El palacio de Bélgica es todavía lo que ha sido catorce años, la madriguera de una bestia salvaje, el rey Leopoldo II, quien por asuntos de dinero, mutila asesina, mata de hambre a medio millón de desamparados y pobres nativos sin amigos en el Estado del Congo cada año, y lo hace con el consentimiento silencioso de todas las potencias cristianas, excepto Inglaterra, sin que ninguna de ellas levante una voz o una mano para detener esas atrocidades, aunque trece de ellas están solemnemente comprometidas mediante tratado  a proteger y ayudar a esos miserables nativos. En catorce años Leopoldo ha destruido deliberadamente más vidas que las que han perecido en todos los campos de batalla de este planeta durante los pasados mil años: y me quedo corto, varios millones de vidas corto. Es curioso que el siglo más avanzado y más ilustrado de todos los siglos que han pasado bajo el sol (XIXgarrenaz dihardu) tenga la espantosa distinción de haber producido la figura de este hipócrita mohoso y piadoso tan sólo de boquilla, a este monstruo sanguinario sin igual en toda la historia de la humanidad, cuya personalidad seguramente avergonzará al propio infierno cuando llegue allí, lo que ocurrirá pronto, esperemos y confiemos”.

Baten batek pentsa dezake Twainek kontu pertsonalen bat zeukala Leopoldo horrekin, baina ez da libratzen Errusiako Tsar-a ere: “En Rusia, durante tres siglos, la vasta población ha crecido bajo las botas, y para el único y sórdido provecho de una caterva de asesinos y ladrones coronados que han merecido todos la horca. Los ciento treinta millones de miserables súbditos de Rusia están hoy mucho peor que los pobres de la Edad Media que tanta pena nos dan. Ya nos hemos acostumbrado a hablar de Rusia como medieval y aún situada en la Edad Media, pero eso sería demasiado bueno. Rusia está aún muy por detrás dela Edad Media; la Edad Media le lleva mucha ventaja  por delante y no parece probable que la alcance mientras los zares continúen existiendo”.

Ez dezagun ahantzi, gainera, Twain umorearen maisu handia zela. Baina ez zuen idazten umorea ardatz hartuta. Umoreari beti egiten zion leku, baina osagai bezala bakarrik. Ardatza, mezuan zegoen: ” Yo siempre he predicado. Ésta es la razón por la que he durado treinta años. Si el humor llegaba por su propio pie y sin ser invitado, yo le hacía siempre un hueco en mi sermón, pero no escribía el sermón en aras del humor. Habría escrito el sermón exactamente igual, sin pensar si el humor pedía entrada o no”.

Horixe: badaukagula non ikasia. Ez garela Adan, alegia.

Ehun ume

Ekaina 13, 2008 | Egilea: konatxe

ninosenfilaii.jpg

Bai, ehun umerekin gurutzatu naiz gaur arratsaldean Donostiako kaleetan. 8-10 urtekoak iruditu zaizkit, eta zain zituzten bi autobusetara zihoazen, nonbaitetik bueltan. Donostiako Sto. Tomas Lizeokoak ziren, haietako askoren elastikoek eta zorroek gezurrik ez bazioten, eta poza eman dit haur eder horiek guztiak ikusteak, neuk ere ikastetxe horretan ikasi bainuen 14 urte nituela bota ninduten arte. Umeak zerrenda luzeetan zihoazen, nahikoa suelto espaloian, adinari dagokion eran.

Hasierakoak irakasle eta andereñoen inguruan zihoazen solasean. Baina erdia baino gehiago, bere kasa zihoan atzerago, lagunarteko txorrotxioan. Irakasleen hegalpean zihoazenak, zerrendaren hasierakoak, euskaraz, eta erditik aurrerakoak, irakasleen eragin-zirkulutik kanpo zihoazenak, gaztelaniaz. Eta pentsatu dut, gure garaian errazagoak zirela gauzak, kamarada. Gezurra irudi lezakeen arren.

(Irudia: Valeria Ulman. Niños en fila II)

Argi dezadan

Ekaina 11, 2008 | Egilea: konatxe

995baa8cab42b32d032ad586b7ba26e0.jpg

Ematen du TXORI HANDIAK izeneko sarrerak, kilipa baino apur bat gehiago egin diola zenbaiti. Argi dezadan, beraz, nire asmoa ez zela Susa-z ez besteko argitaldariak iraintzea, ez eta gutxiago ere. Ezagutzen ditut bat edo bi iraintzeko modukoak, baina sarrera horretan ez nuen zirika hasteko batere asmorik.

Esaten banuen Susa dela idazlea hobeki zaintzen duen argitaletxea, adierazi nahi nuena zen objektiboki bera dela —nik dakidanez—, egileak gehien errespetatzen dituena (edizioa soilik erosiz), eta bera dela, halaber, eskubide gehien ordaintzen dituena (%12). Oker banaiz, baten batek zuzen nazala. Honek esan nahi duena ez da gainerako editoreak krapulak direnik, baizik eta ez dutela egiten egileen alde Susak adinakorik. Horixe baizik ez. Agian eginen dute liburuen alde, aberriaren alde, edo nikeztakitzerren alde, baina ez egilearen alde. Hainbeste. Normala ere bada, egileak baitira enpresa horren jabe gehienak.

Jakina, izanen dira (izaten ahal dira!), tratu pribatu hobeak ere zenbaitetan, pentsatzen baitut, Atxaga batek, esaterako, ongi merezitakoak izango dituela irabaziak, eta ez direla mauka izango harekiko negoziaketak, baina, oro har, horixe du Susaren planteamenduak, besteena ez bezalakoa izatea (nik dakidanez, berriro).

TXORI HANDIAK sarrerarekin nahi nuen bakarra zen, hauts apur bat harrotu eta alua.mundua honetan hain maite dugun liburuaren gaiaren inguruko gogoetak egiten segitzea. (Klik egiten baduzu “liburuak” atalean, egiazta dezakezu ederki, eta “letra kontuak” izenekoan ere bai).

Ondo al dago euskal idazle bat ahalik eta etekin ekonomiko handiena lortzen saiatzea bere liburuarekin? Horixe plazaratu nahi nuen, ez besterik. Beraz, nahigabetan baten bati min egin badiot, barkamen eskaera doakio hemendixe.

Bestetik eman dezake, telebistan agertzen naizenez, ezin dudala deblauki ibili blog honetan gauzak jartzen. Ba, bai, deblauki eta nahi dudan moduan ibiliko naiz, horixe baita bloga egitearen askatasuna (teorikoa, bederen). Hau irakurle norbanako baten bloga da eta, gainera, zela-halako idazle den norbaitena ere bai. Baten bati ez bazaio gustatzen, ez dadila ibili etortzen. Hemen ez dago diru publikorik eta menpekotzarik, inorekin. uste dut bi gauza direla neure ageriko lan publikoa eta neure bizitza pribatua, non artistarenak ere baduen bere lekutxoa. Blog hau, nire bizitzako zati da, baten batek ez bazekien ere.

Eta galderari buruz esaten nuen baietz, niri ondo iruditzen zaidala euskal autore batek ahalik eta diru gehien ateratzea bere liburuaren aitzakia egoki erabiliz, besteak beste, argitaletxeek diru asko jartzen badute liburu baten apostuan, gero lan egin beharko dutelako liburu berorren mesedetan.

Eta berriro diot: zeuk, zer uste duzu zeuk?

Txori handiak

Ekaina 10, 2008 | Egilea: konatxe

7_m3_11.jpg

Gure jardineko metro kuadro apurretan txepetxak ere agertu izan dira noiz edo noiz, eta txantxangorriak eta halakoak, tx-z izendatzen ditugun horietakoak, euren txikitasunaren kariaz. Baina esan dezadan egia: sarriagoak dira zozoak eta birigarroak, tamaina handiagoko hegaztiak. Horietako batek —ez dakit xuxen ote zen zozo ala birigarro—, arrautza jarri zuen derrepentean idortu zitzaigun pikondoa zegoen lekua betetzen duten sasietan. Eguna joan eta eguna etorri, begira-begira egon nintzaion arrautza hari, behingoz jakiteko nor zuen ama, edo aitaren espeziea nabarituko ote nion lumajean, baina bai zera: oskola apurtu eta bertatik atera zitzaidan, xitoaren lekuan, mezu harrigarri bat: euskal idazle bat bere azken nobelaren lehen kapitulua ari da enkantean jartzen euskal editoreen artean, nork diru eta berme gehiago emanen dion jakite aldera.

Izan gaitezen zintzoak: egilea gehien Susak zaintzen du. Bera da, egile eskubideak baino, argitaralpena erosten duen bakarra (nik dakidanez) eta, gainera, beste inork baino prezio hobean. Hala ere, arrautza hartatik irtendako informazioneak ziostan Susak ez zuela jaso aukerarik ere, eleberri hori argitaratzeko. (Gauzak diren bezala , Susa, Susa baizik ez baita izan, batez ere promozio eta banaketarako orduan).

Kontua da, arrautzakoa egia bada behintzat, gure egileetako batek nobela duela esku artean, eta lehen atala eman duela amu gisa, euskal argitaletxeetara. Eta erokeria dirudien arren, batek erantzun omen du: “Kosta ahala kosta, geuk argitaratu behar dugu liburu hori”. Bingo, beraz, itxura batean. Harkaitz Canok esandako bi bideetatik, biak beteko dituela dirudi, itxura batera.

Beste idazle engaiatu bati aipatu nion albistea, eta zuri-zuri jarri zituen begiak esana entzundakoan. Albistea nork eman zidan jakin nahi zuen, eta noren liburuari buruz niharduen ere bai, ez baitzidan sinetsi txori batek esanda nekienik.

Minutu batean pentsatu eta gero esan zuen: “Zergatik ez? Ez zait gaizki iruditzen”. Erran nahi baita, ez zaiola gaizki iruditzen euskal idazle batek (ere), ahal duen dirurik handiena ateratzea bere liburu batekin. Errentagarritasuna bilatzen saiatzea, alegia. Eta niri ere ez: ez zait batere gaizki iruditzen, gauzak dauden daudenean. Jakinekoa baita, gainera, editore batek diru dezente ordaintzen badu liburu batengatik, huraxe saltzen saiatu beharko duela lehenbizi eta, beraz, promozio eta ibilera hobea izango duela liburu horrek balizko erroten artean.

Zeuri zer iruditzen?

Hilbeilak

Ekaina 8, 2008 | Egilea: konatxe

r94.jpg

Berandu iritsi nintzen hitzaldira, baina atzo Harkaitz Canok gauza arras interesgarriak esan zituen literatura eta liburuaren etorkizunari buruz, Hendaiako Akelarren. Bere lanaz ari zen, baina orokortzea ere ekarri zuen horrek, eta hala, bi bide nagusi eta bakar ikusten dizkio Harkaitzek literaturari, nik ulertu nionez. Bata massmediei esker saltzen diren liburuei dagokie, publizitate plataforma diren eta izango diren horiek, literaturarekin baino, negozioarekin harremana dutenak. Besteaz luzatu zen gehiago: kapera txikietan baizik ezin funtzionatuko duten liburuei buruz aritu zen. Hilbeila deitu zion berak, gorpu baten inguruan biltzen den familiartekoen irudia emanez. Hilbeilen maneran funtzionatuko duela aurrerantzea literaturak eta irakurzaletasunak. Erran nahi baita, irakurle multzo bat hemen, beste bat han, liburu edo idazle baten inguruan bildutako interesatuak egongo direla, mugak gaindituz, kasurik onenean. Eta niri atoloiaren irudia etorri zitzaidan burura. Hondartzako hondar bakandu eta ezdeus bilakatzera destinatuta dagoen atoloiaren irudia.

Botoi gorria

Ekaina 5, 2008 | Egilea: konatxe

usbobjects9.jpg

Irakurrita jakin dut, Guantamon Al Qaedakoak omen direnen kontra egingo diren epaiketetean botoitxo bat jarri dutela han esaten direnak entzun ez daitezen. Antza, kazetariak egongo dira pantailetan epaiketari begira, baina informazioa (irudia eta hotsa) 20 segundoko atzerapenaz iritsiko da. Tartean botoitxo bat, komunikazioa eten eta inork ez dezan entzun entzun behar ez denik. Baina, zer da entzun behar ez den hori?Agian epaituek jasan dituzten bidegabekeria eta tortura guztiak, CIAk berak ere onartu dituenak? Agian bai, zergatik ez, ba? Estakuru perfektua dute: Segurtasun Nazionala kalte dezakeen oro moztuko da. Mutu bilakatuko dute informazio isuria. Estatuaren mesedetan. Baina, ai, ai, ai, nork demoniok ukango du botoitxoaren gainean hatza urduri jarrita? Epaile batek, filosofo, apaiz, edo moja batek? Kaleko norbaitek? Zientzia politikoetan aditua den baten batek? Bai, zera: marineetako Koronel batek. Libro gaude arriskuetatik, beraz.


Blog zerbitzua: mundua.com · Hosting zerbitzua: borobila
Edukien lizentzia: Creative Commons Aitortu-EzKomertziala-PartekatuBerdin 2.5